Errepresentazio, komunikazio, sozializazio eta ikasketa tresna nagusia da hizkuntza; ikaslegoaren formakuntza integralean oinarrizkoa da, beraz. Hori horrela, haur eta lehen hezkuntzako curriculumek diote ikasleek hainbat hizkuntzatan, gaztelanian, euskaran edo ingelesean kasu, hizkuntza gaitasun maila desberdinak erdietsi behar dituztela.
Ikasleak, ordea, ez du hizkuntza bakoitzarendako sistema isolatu eta beregaina garatzen: integratzen ditu. Hizkuntza bati dagozkion gaitasun linguistikoak bestearen ezagutzaren bidez eraldatzen dira, batetik kontzientzia linguistikoa eta bestetik gaitasun eta ahalmen interlinguistikoak sortuz. badira, hartara, hizkuntza baten ikasketa prozesutik bestearenera ekar ditzakegun elementuak.
Ikaskuntza optimizatze aldera curriculumeko hizkuntza-irakaskuntzen arteko koordinazioa bultzatzen duen markoari Hizkuntzen Trataera Bateratua (HTB) deritzo. HTBk, haatik, irakaskuntzaren planifikazio estrategikoaren gainean hainbat erabaki hartzera behartzen gaitu, bai edukietan bai hizkuntzetan, eta zailtasun zenbait dakartza planifikazioan zein koordinazioan.
Ikastaro honek HTBaren ikuspegi teoriko-praktikoa eskaini nahi du, bereziki gaztelania, euskara eta ingelesa uztartzen dituen ereduan, Haur eta Lehen hezkuntzako zentroei arreta berezia emanez. Gaiari hainbat ikuspegitatik helduko diogu.
Ikuspegi administratibotik, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak alor honetan abiatu dituen lerroak azalduko dira. Ondotik hurbilpen akademikoagoa etorriko da, behar curricularrak eta HTBaren oinarri teorikoak aurkeztuko dituena. Azkenik saio praktiko bat izanen da. Horretan, ikasleen formakuntza eleanitza helburu duten zentroetako jardunbide egokien adibideak erakutsiko dira, baita proiektu linguistikoak diseinatzerako orduan curriculumaren baldintzak eta zentroaren beraren baliabideak nola uztartu behar diren azaldu ere.
Civivox Kondestable Jauregia. Bilera-aretoa.
Matrícula Ordinaria | |
---|---|
Precio global * | 15 € |
* Matriculación obligatoria |